ARNAS APARATUA: Giza arnasketan bi fase nagusi bereizten dira: arnasa hartzea eta arnasa kanporatzea. Arnasa hartzeko prozesua martxan jar dadin, burmuineko arnas-zentruek bularraldea zabalduko duten muskuluei aginduak ematen dizkie, diafragmari eta kanpoko saihetsarteko muskuluei nagusiki. Birikak bularrarekin batera zabaltzean, bolumena handiagotu egingo da eta barnealdean dagoen presioa berriz, gutxiagotu egingo da. Biriketan sortzen den presio negatiboak kanpoko airea barnerantz irenstea eragingo du. Arnasa kanporatzeko prozesua berriz, toraxaren barne-presioa atmosferakoa baino handiagoa denean hasiko da era pasiboan, birika-ehunaren berezko malgutasunari esker. Saihetsek beherantz egingo dute diafragmak gorantz egiten duen bitartean eta mugimendu horretan, sabelaldeko eta barneko saihetsarteko muskuluek lagundu egingo dute. Beraz, birikaren berezko fisiologia malgua dela medio uler daiteke arnasketa lasaiaren erritmo egonkorra eta ziklo bakoitzaren arteko iraupena antzekoa izatea. Modu horretan arnasa hartzen dugunean, prozesua automatikoki berritzen da eta ez da borondatezko kontrolik behar, arnas-zentruek oxigenoaren eta karbono dioxidoaren kontzentrazioaren arabera zuzentzen baitute guztia. Arnasketarik egokiena sudur zuloetatik egindakoa da, horrela hartutako airea berotu, hezarazi eta iragazten baita. Saihets eta diafragmari esker lorturiko arnas mekanismoak biriketan aire-bolumen gehien lortuko du eta kanporatzen den aire-zutabearen euskarri gisa erabiltzen da. Arnasa hartzeko eta kanporatzeko muskuluen artean sortzen den jokuak glotisaren azpiko presioaren balioak nahi den neurrian alda ditzake. Fonazioan arnas-erritmoak bere erregulartasuna galdu egiten du: arnasa hartzea laburra eta sakona da eta arnasa botatzea putz espiratorio sendo bihurtzen da. Prozesu hori aktiboa da eta gure borondatez alda dezakegu. Glotis azpiko presioa ahots-korden dardara gerta dadin energia iturria da. Presio hori sortu eta gero, bere intentsitatea ahots-beharren arabera erregulatzea lortu behar da unero. Soinuaren intentsitatea eta tonua berdina izatea nahi bada, presioak egonkorra eta uniformea izan beharko du. Aldiz, ahotsaren inflexioak aldatzea lortu bada, presioa aldatu egin beharko da. Arnasa hartzeko eta botatzeko mekanismoen kontrolak glotisaren azpiko presioaren kontrola damaio hizlariari. Horri esker, intentsitatea eta, neurri batean, tonua erregulatzeko gaitasuna izango du.