Erresonantzia-sistema Ondoan dituen erresonantzia-egiturek handiagotuko ez balute, glotisean emandako fonazioa oso ahula izango litzateke. Erresonadoreak laringeko soinuak, kanpora heldu baino lehen, zeharkatzen dituen barrunbeak dira. Soinuarekin kontaktuan jartzen direnean, dardar egiten duten gure gorputzeko atalak dira. Glotisaren gaineko barrunbeen artean, batetik hipofaringea edo faringolaringea daukagu, bestetik orofarigea, hots, aho-barrunbea, mihia, hortzak eta ahosabai biguna biltzen dituena eta azkenik, errinofaringearen sudur-zuloak eta cavuna delakoa. Laringeko soinua egitura konplexua da, oinarrizko frekuentziak eta uhin harmonikoek osatua. Gorputz malguek, ahots-kordak kasu, uhin asko igortzen dituzte dardara egiten dutenean; izan ere, luzera osoak dardar egiteaz gain, unitate hori osatzen duten zati guztiek ere, oinarrizko frekuentziak eta bigarren mailako uhinak ematen dituzte. Hau da, gorputz malgu bakoitzak erresonantziarako berezko frekuentzia dauka. Hortaz, frekuentzia bereko soinurik heltzen zaionean dardaran hasiko da, soinu hori handiagotuz. Heltzen zaion dardarak bere frekuentziarekin bat egiten ez badu, iragazki gisa funtzionatuko du, soinua zurgatuz. Laringearen gaineko barrunbeek iragazki eta erresonadore gisa dihardute eta laringeko soinuaren harmonikoak aldatu behar dituzte, batzuk sendotuz (anplitude altuagoz jaulkiz) eta beste batzuk urrituz. Prozesuaren emaitza ahotsa izango da, aho-soinuaren modifikazioa. Erresonantzia-barrunbeen tamainak eta itxura osoak laringeko soinuari dagokion erresonantzia eman diezaion eragin zuzena dute. Hitz egiterakoan, erresonadoreak itxuraz aldatzen ari dira beti, nahi diren soinuak jaulkitzen lagunduz. Erresonadore horiek, muga baten barruan beti ere, borondatez aldaraz daitezke, anatomikoki higi daitezkeen organoz osatuta baitaude: mihia, baraila, ahosabai biguna, laringearen kanpoko muskuluak eta aurpegikoa. Horien gainean, nerbioek eragin motorea dute, ahosabai gogorra eta sudurzuloak ordea, egonkorrak dira. Erresonadoreetan ahotsaren berezitasun tinbrikoak lortzen dira, bakoitzaren bereizgarria dena eta besteengandik desberdintzea eragiten duten ezaugarriak, alegia. Horiek bereizteko eta ikasteko, teknika espektofotografikoak erabiltzen dira.