GIZA AHOTSA Jakina denez, gizakia ez da soinuak igortzen dituen izaki bizidun bakarra. Beste animalia batzuk ere, soinuak egiteko gai dira ahots-korden dardararen bidez; ugaztun gehienek, igela bezalako anuroek eta beste zenbait narrastiek efektu bera lortzen dute laringea erabiliz. Hegaztiek ordea, zintzerrestearen behealdean duten siringean sortzen dute soinua, ez laringean. Nolanahi ere, animalia guztiek ez dute soinuen bidez ideiak eta pentsamenduak adierazteko ahalmena. Gizakiak bai, ordea. Gizakiok soinuak artikulatzen ditugu giza ahoak duen egitura bereziari eta bere mugikortasunari esker. Horrela, soinuak hitz eta kantu bihurtzen dira. Ezpainak eta mihia prozesuaren azken eragileak dira eta sabelaldean dugun inspiratzeko edo arnasa hartzeko diafragmatik hasi eta bururaino helduko den aire korronteak jasoko ditu aldaketak. Beren izenak kontrakoa adierazten duen arren, ahots-kordak ez dira egiazko kordak, laringearen barne-hegaletan itsatsita dauden lotailuak baizik. Tolesdura-itxurakoak dira eta kartilago tiroide handia eta kartilago aritenoide txikia lotzen dituzte. Ahots-korden artean gelditzen den tarteari glotis deritzo. Arnasa hartzerakoan, egitura osoa zabalik egoten da eta soinuen igorpena edo fonazioa gertatzen denean berriz, itxi egiten da, ahots-kordak batuz (ikus 1. irudia). Soinua jaulki ahal izateko, soinu-dardara sortu beharra dago eta hori ateratzen dugun airea ahots-korden artetik igarotzen denean lortzen da. Hurrengo urratsean, soinu hori erresonantzia-barrunbeetan ahotsaren ezaugarri tinbrikoez hornituko da eta azkenik, hitzak ahoskatzeko prozesua emango da. Sistema fonatorioak edo ahots-sistemak hiru zati nagusi ditu, zenbait airezko musika tresnek bezalaxe: * Auspoa edo putzaren sortzailea: arnas-sistema * Dardar-sistema: laringea * Erresonantzia-sistema: laringe gaineko barrunbeak