Esatariaren berba hasteko, mikrofonoak jaso eta seinale elektriko bihurtzen du. Gero, seinale hori modulatu egin behar da, behe frekuentzian dagoenez, bidaltzeko moduan ipini behar baita. Seinale horri uhin edo seinale modulatzailea deitzen zaio. Irrati-emisorak bere transmisorean oszilagailua deitutako aparatua du eta horrek uhin eramalea sortzen du. Uhin eramale hori goi frekuentzian dago, hau da, bere maiztasuna irrati-emisoraren kanalaren berdina da. Modulatzerakoan, seinale modulatzaileak uhin eramalearen ezaugarrietako bat aldatzen du (uhinaren anplitudea, maiztasuna edo fasea) eta aldatu den uhin eramale hori, seinale edo uhin modulatua, transmititu egiten da. Horregatik bilatzen ditugu irrati aparatuan AM (anplitude modulazioa), FM (frekuentzia modulazioa) eta PM (fase modulazioa) deituriko ezaugarriak. Uhin elektromagnetiko modulatuaren transmisioa lurrekoa (irrati-estazioko antenatik aparatuaren antenara) eta satelite-bidezkoa (satelitetik gure antenara) izan daiteke. Irrati aparatua irrati-emisora horren frekuentziarekin sintonizatzen dugunean, airetik igorri den seinale modulatua helduko zaigu. Urrats horretara iritsita, prozesua atzekoz aurrera burutzen da. Seinale modulatua desmodulatu egiten da, hau da, goi frekuentziako uhin eramalea kendu eta behe frekuentziako seinale elektrikoa gelditzen da. Emititzerakoan bezalaxe, ahul iristen den seinalea anplifikagailuak indartu egiten du. Azken urratsa, bozgorailuen bidez seinale elektrikoa soinu bihurtzen da. Eta prozesu hori guztia amaitzerakoan, irratia sintonizatu eta esatariak mikrofono aurrean esandakoa entzun ahal izango dugu.