EITBren sorrera eta garapena Eusko Jaurlaritzaren jarrera komunikabideekiko | EITBren sorrera  (1) Eusko Jaurlaritzaren jarrera komunikabideekiko Ikusentzunezko komunikabideak: Estatutoa eta EITBren legea. EITBren beharra planteatu zen arte, euskarak leku eskasa izan zuen telebistan, bai Frantziako telebista ofizialean, bai Espainiako telebistan. 70eko hamarkadan sortu ziren Espainiako TVEko gune erregionalak, egunero deskonexio laburra eta ekoizpen propioa egiten zutena. 1975ean Bilbon kokatu zen Euskal Herriko zentrua, eta Telenorte albistegiaren barruan, astero, euskarazko saio bat egin zen bi urtez, 1977 arte: Euskalerria zuen izena eta arduraduna Jose Mari Iriondo zen. Noizbehinka, ahal zuten heinean - baldintza profesional ez omen ziren onenak izan - lanen bat egin zuten Manu Oņatibiak, Joan Mari Iraolagoitiak, Xabier Kintanak, Jose Mari Etxebestek, Jose Mari Oterminek eta Anjel Unzuetak. Saio hori desagertu zenetik, euskararen presentzia oso urria izan da TVEn, minutu batzuk baino ez titularrak irakurtzeko erdarazko albistegietan.  Hurrengo urtean, 1978an alegia, Euskal Zinegileen Elkarteak euskal telebista autonomo bat proposatu zuen. Telebista elebidun bat zen. Lehenago ba omen zegoen beste egitasmo bat, 1974an Gipuzkoako Foru Aldundiak TVEri luzatu ziona Hondarribian zentru igorlea jartzeko, eta horrek etekinik eman ez zuenez, 1977an lantalde bat osatu zuen (hor atzean Manu Oņatibia, Joseba Intxausti, Jose Mari Etxebeste, Jose Mari Iriondo, Juan Jose Azurza besteak beste) euskarazko telebista sortzeko, ETV deiturikoa. Gero erbesteko Euzkadi Irratian aritu zuen eta Eusko Kontseilu Nagusian (1979-1980) eta Eusko Jaurlaritzan (1980-1982) giza-komunikabideen zuzendaria izan zen Juan Jose Azurzak proposatutako plangintza etorri zen (Torrealdai, 1985: 16-20).  1979an Eusko Kontseilu Nagusiak idazkaritza bat eratu zuen euskal telebistaren arazoa aztertzeko. Estatutoa abian da dagoeneko, eta bertan badago telebistari buruzko aipamenik, batez ere 19. artikuluan. Egia esan, gainontzeko autonomietan gertatu ez bezala, hemen bertako telebista ez da Estatuko hirugarren kanala, baizik eta kanal berezkoa. Kultur sailburua zen Ramón Labaienek eta RTVEko orduko zuzendari orokorra zen Arias Salgadok akordio bat sinatu zuen 1980ko urriaren 3an telebista-sarea Euskal Herrian zabaltzeko eta Telenorteko programazioan eguneroko euskarazko albistegi bat emititzeko. 1982an Eusko Jaurlaritzaren egitasmoak irratia eta telebista funtsezko helburutzat hartzen ditu, batez ere euskara zabaltzeko. Urte berdinean ikastaro batzuk antolatu ziren teknikoak prestatzeko. Urte hartako apirilaren 20an lege-egitasmoa argitaratu zen. Euskara hedatzea eta bultzatzea da zerbitzu publiko honen helburu nagusietako bat. Carlos Garaikoetxea lehendakariak 5/1982 Legea sinatzen du Euskal Irrati Telebista Herri Erakundea sortzeko, eta uztailean 157/1982 dekretuak Euskal Telebista sozietatea eratzen du.  Prentsa idatzi ofiziala: Dema, HABEren aldizkariak, aldizkari ofizialak, dirulaguntzak. Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen aldizkari bat sortzea: Dema. Hor atzean orduko Kultura sailburua zen Ramon Labaien zegoen. Gobernuaren xedea bi bertsio egitea zen, bata elebiduna (260.000 bat ale) eta bestea euskara hutsezkoa (20.000 bat ale), eta halaxe egin zen 1981eko azken hilabeteetan, Gorka Reizabalen zuzendaritzapean. Oso gutxi iraun zuen.  1981ean ere beste aldizkari batzuk abian jarri zituen Jaurlaritzak. Helduak euskalduntzeko sortua zen HABEren ardurapean hiru aldizkari jarri ziren: Habe izan zen lehena, gero Habeko Mik (komiki bat) eta Zutabe (hizkuntzari buruzko aldizkari bat) etorri ziren. Beranduxeago Unescoren aldizkaria euskaratzeko (gehi zenbat testu original atertazeko) eskubidea lortu zuen gobernuak, eta Unescoren Albistaria sortu zen.   Aldizkariak aldizkari, argi dago ordea Eusko Jaurlaritzaren apustua ikusentzunezko komunikabide ofizialen aldekoa izan zela. Hasiera batean idatzizko hedabideren baten komenigarritasuna aintzat hartu bazen ere, laster irratiaren eta telebistaren alde jarri ziren. Noizbehinka euskal aldizkari edo egunkari baten garrantzia, eta egitasmoak egin badira ere, euskara bultzatzeko aro modernuan irratia eta telebista beharrezkoa zela ikusi zuten. Eredua Espainiako ofiziala izan zen, eta, agian arrazoi berdinarengatik, albo batera utzi zuten une hartan euskarazko prentsa ofizialaren erronka, ikusirik Estatuaren komunikabide ofizialekin gertatutakoa, frankismotik zetozen egunkari ofizial guztiak bertan behera utziak edo salduak izan baitziren. Horregatik ere 1983ko bi proposameni ezetz esan zien Eusko Jaurlaritzak, Egin egunkaria ateratzen zuen Orain enpresaren eta Deia argitaratzen zuen Iparragirre enpresaren egitasmoei alegia. Biek eskatu zuten euskara hutsezko egunkari bana ateratzeko dirulaguntza. Hala ere, urte batzuen buruan, egitasmo hau berriro agertu zen, eta zenbait pausu ere eman ziren. Berdin egin zuten Argiaren 1983ko proposamenarekin, non, euskal merkatua urria izanik, diru laguntzak eskatzen baitziren: "Merkatuaren legeen arauera laguntzarik gabe utzirik Argiak bezala beste edozein kazetak errentagarritasun posiblerik ez dutela" zioen txosten hark. Urte luzeetan izan da euskal aldizkari eta komunikabide askoren borroka berdina. 1987an, adibidez, Aizu!, Argia, Elhuyar, Ipurbeltz, Karmel, Larrun, Susa, Idatz & Mintz, Jakin eta Literatur Gazeta aldizkariek Eusko Jaurlarizaren diru laguntzen banaketarekin desadostasuna erakutsi zuten, eta agiri bat sinatu zuten esanez lehentasuna ematen zitzaiela ikusentzunezko hedabideei, nahiz eta irakurlego potentziala 700.000 lagunekoa izan, haien arabera.  Informazio-agentzia bat ere izan zen asmoa, euskal hedabideek behar baitzuten euskarazko informatzioa, eta agentzietatik zetozen albiste guztiak erdarazkoak ziren. Hura ere ez zen gauzatu, hala ere 1985ean, Euskadiko Ezkerrak Gasteizko parlamentuan hala eskatuta, diru kopuru altua erreserbatu zen agentzia batek euskarazko albisteak produzitu zitzan. Dirua Vasco Pressi eman zioten, hasiera batean Efe laguntza eskuratzeko hautagaia bazen ere. Itzulpenak izaten ziren euskarazko berri horiek, eta 1992 arte iraun zuen laguntzak.  Informazio hau www.eusko-ikaskuntza.org/liburutegia/liburuak/eph/29 1.htm. helbidetik atera dugu. (Javier Diaz Noci, Euskal Kazetaritzaren historia)